BERRIA Osteguna, 2007ko apirilak 12
Xabier Peñalver: «Kobak arriskua badu, hori harrobian dihardutenen ardura da»
Gipuzkoako Foru Aldundiak Praileaitzeko indusketak eteteko proposamena egin dio Aranzadi elkarteariDonostia
«Gu aztarnategia ikertzen ari gara, harrobia da kontserbazioarekin zerikusia duena». Xabier Peñalver Praileaitz I Debako aztarnategia kudeatzen ari den zientzialari taldeko zuzendariak ez du zalantzarik: Aranzadi egiten ari den indusketa lana ez da Praileaitz kaltetzen ari, «kobazuloaren kontserbazioaren gorabehera ez dago gure jardunarekin lotua».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala ere, Praileaitzeko indusketa lanak behin-behinean bertan behera uztea proposatu dio Aranzadiri, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu duenez. Goi Paleolitiko garaiko aztarnategi garrantzitsuaren kontserbazioa eta babesa azter dezaten nahi du. Zientzia elkarteak lan horretan jarduteko proposamena egin du Aldundiak, Imanol Agote Kulturako zuzendari nagusiaren bidez. 2007rako lehentasuna kobaren «kontserbazioa eta babesa» izan behar dute, haren proposamenaren arabera. Sasiola harrobiaren jardunak -etengabeko leherketak medio direla- Praileaitzen eragin ditzakeen ur filtrazioen eta lur mugimenduen inguruko azterketa bultzatu nahi dute. «2008an, 2009an edo aurrerago jarrai dezakete indusketek», Agoteren arabera. Kobaren eta ingurunearen babesa «presazkoa» jotzen du. «Haitzuloaren kontserbazioari dagokion arriskua badago, arrisku horri erantzuten jarri behar dugu arreta».
Foru Aldundiaren proposamena jakinarazi dela-eta, Xabier Peñalver Aranzadiko kideak ezustea azaldu du: «Ez nuen uste gai hau prentsara aterako zenik, uste nuen gure artean hitz egitekoa zela, zuhurtasunez». Zuzenean baieztatu gabe, ez du berria ukatu: «Beraiek gauza berria proposatu digute orain, baina nire ustez gauzak bereizi egin behar dira: bat da indusketa arkeologikoa eta bestea kobaren kontserbazioa». Aranzadiren lana ez da koba kaltetzen ari indusketa zuzentzen ari den zientzialariak garbi utzi duenez: «Ez dut uste inor ausartuko denik hondatzearen arduradunak gu garela esaten». Edozein modutan ere, kaltea baldin badago Aranzadiko kideak «lekukoak» besterik ez direla dio. «Beharbada batek edo bestek ez du atsegin gu lekukoak izatea».
Foru Aldundiak egindako proposamenari lotuta, Aranzadi Praileaitz I aztarnategiko indusketa lanetan jarraituko ote duen galdetuta, Xabier Peñalverrek ez du erantzun argirik: «Foru Aldundiaren komunikazio bat izan dut hainbat konturen inguruan, Debako alkateak izan duen moduan, baina ez naiz hori prentsan azaltzearen aldeko. Edozein modutan ere, proposamen berriak hitz egiteke daude».
Aranzadiko kideak zuhurtasun handiz hitz egiten du Praileaitz I eta Sasiola harrobiaren inguruko auziari buruz, baina aldi berean hausnarketa argiekin: «Babes eta erregenerazio neurriak proposatzen ari badira, zerbait hondatzen ariko da, ezta?». Aranzadiko kideak ongi ezagutzen du Praileaitzen egoera, eta baita Sasiolako harrobiaren jarduna ere. «Astean bitan egiten dituzte leherketak. Ez dakit zenbat metrora, dakidana da abisua eman ondoren, kobatik atera behar izaten dugula, eta eztanda entzun eta gero itzultzen garela».
PRAILEAITZEN MENDIA IZAN ZENA. Praileaitz I bakarrik ez, ingurunea ere iraunarazteko neurrien inguruan eztabaida bizia dago. «Leizearen ingurune kultural garrantzitsua iraunarazteko neurriei buruz hitz egin behar da. Deba ibaiaren goialdean geratzen den mendi tarte estua hor baitago oraindik, Praileaitzen mendia izan zena. Luze gabe ibaira jaisteko delta hegoa beharko dugu…». Nolanahi ere, Peñalverrek behin eta berriro dio kontserbazioaren eta indusketaren gaiak ez direla bera. «Aranzadik esana du bere iritzia jakinaraziko duela kontserbazioaren inguruan». Zientzialariak ez du ezkutatzen jarrera eszeptikoa: «Okerrena da badakigula harrobia gogor ari dela berean. Guk pentsatzen dugun bitartean, beraiek ekin egiten diote, hori horrela da. Birlandaketaz hitz egiten ari da orain, baina nekez izango da halakorik haitzuloaren alboan harkaitz-pareta bertikalak uzten badira. Arrokak lehertzea eta erregenerazioa osagarri ikusten dituzte antza, baina ez indusketak egitea eta erregenerazioa. Beharbada, ikertzaileak eta harrobia ez gara izango osagarriak».
Etzi, Praileaitzera itzuliko dira Aranzadiko zientzialariak. «Xamanaren arrastoa jarraitzeko saioan ari gara. Egunotan okre batzuk agertzen ari dira, eta sarreran agertu zirenei edo barrualdeko paretako pinturei dagozkien jakin behar dugu. Haiekin gorputza margotuko zuen pertsonaia hark. Ikerketa horiek ez dute kaltetzen, alderantziz baizik». Kobaren kontserbazioaren aldeko neurriak hartu beharrak zerk edo nork eragin duenari buruz hitz argiak ditu: «Leizezuloak eta haren inguruneak arriskua baldin badute, hori ez da indusketan ari garenon ardura, harrobian dihardutenena baizik».
Zientzialariak zuhurtasunaren beharrari erreparatzen dio etengabe «gertatzen ari dena» azaltzeko. «Niri ez dagokit hemen gertatzen ari dena azaltzea, norbaiten lana izango da hori, baina ez gurea. Gu indusketan ari gara, hango lekuko izaten ari gara, eta prentsaren bidez egin beharrean txostenen bidez egiten dugu hori».
xmartin@berria.info
«Erregenerazio eta babes neurriak proposatzen ari badira, zerbait hondatzen ariko da, ezta?»
«Ez dut uste inor ausartuko denik esaten haitzuloa hondatzearen arduradunak gu garela»
Xabier Peñalver
Praileaitz aztarnategiko zuzendaria
Deja una respuesta