Sasiolan Eusko Jaurlaritzak baimendutako lanak eteteko eskatu du Madrilek

Salaketa jarria zuten Praileaitz ondoan betoi nahasgailua eraikitzeko lanek Itsasertzen Legea urratzen dutelako.

BERRIA (2009.08.08)

Praileaitz kobazuloa inguratzen duen Sasiolako harrobian (Deba, Gipuzkoa) betoi planta berreraikitzeko baimena eman zion maiatzaren 6an Eusko Jaurlaritzaren Ura ur agentziak Amenabar Taldeko Zeleta enpresari, eta MNT Mutrikuko Natur Taldeak salatu zuen planta horren eraikuntzak Itsasertzen Legea urratzen duela. Espainiako Ingurumen Ministerioak aintzat hartu du MNTren izenean Rafa Perez Beristainek jarritako salaketa eta Eusko Jaurlaritzari erabakia bertan behera uzteko eskatu dio.

Itsasoa ukitzen duen ehun metroko babesgune publikoan ez eraikitzeko diote Itsasertzen Muga Lerroak eginiko bi txostenek, baina Urak horiek aintzat hartu gabe hartu zuen eraikitzeko baimena emateko erabakia. Ebazpen horren arabera, Debako Udalak Zeletari betoi planta berria eraikitzeko baimena eman zion, «presaz» MNTren arabera, «harrobia ustiatzen duen enpresaren aldeko jarrera erakutsiz». Ekainaren 15ean hasi ziren betoi planta zaharra botatzen eta gaur egun ere lanek aurrera jarraitzen dute.

MNTk dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila dela legez kanpoko betoi planta eraikitzeko baimena ematearen erantzule nagusia, eta Ura agentziak hartutako erabakia bertan behera uzteko eskatu dio. Mutrikuko Natur Taldea Fiskaltzara jotzea aztertzen ari da, ingurumen prebarikazioa salatzeko.

Duela urtebete Ura ur agentziak 60.000 euroko isuna jarri zion Zeletari, Itsasertzetako Legea urratu zuelako «Deba ibaiko itsas eta lur eremu publikoko zerbitzugunean», eta mendi hegal osoa lehengoratzera behartu zuen, baina hilabete gutxiren buruan ebazpen hori bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Mendi hegalaren babesa

Mutrikuko Natur Taldearen, Praileaitzen Lagunak elkartearen eta Aranzadi Goi Paleolitoko aztarnategia ustiatu duen zientzia elkartearen arabera, Zeleta Sasiolako harrobian egiten ari den ustiaketa lanek arrisku bizian jartzen dituzte duela 18.000 urte Praileaitz kobazuloan egindako labar margoak. Hiru eragile horiek Praileaitzen mendi hegal osoa babestu beharra aldarrikatu dute behin berriz, eta Eusko Legebiltzarrak ere bat egin du eskaera horrekin, Kultura Sailari duela bi urte ezarritako babes dekretua aldatzeko eskatuta.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: