Jaurlaritzaren isiltasuna salatu eta kontzientzia pizteko ekitaldiak antolatu dituzte Praileaitzen Lagunek
BERRIA/ Ane Urrutikoetxea. Donostia.
Oihu egin dute kultura arloko irakasle, zientzialari, eta bestelako jakitun eta profesionalek. Oihu, iraganeko oihartzunak babestearen alde. Praileaitzen (Deba), kobazuloa setiatu duen harrobiak egunetik egunera arrisku handiagoan ipini ditu bertako antzinako margoak. PSEren gobernuak neurriak hartzeko zina egin zuen Blanca Urgellek sailburu kargua hartzean, baina erantzuna ez da iritsi. Praileaitzen Lagunak taldeak ekintza ugari antolatu ditu datozen hilabeteetarako, jendea kontzientziatzeko eta mugiarazteko.
Bekaizti eta serio aritu ziren taldeko kideak atzo Donostian egin zuten prentsaurrekoan. Bertan egon ziren Fernando Larrukert zinemagilea, Nestor Basterretxea eskultorea eta Maite Marco taldeko presidentea. «Aski da, egin beharrekoa argi eta garbi dago», adierazi zuen Koldobika Jauregi eskultoreak: «Denek babestu gaituzte, guztiek eman dute ontzat gure eskaria. Baina bete gabe jarraitzen du». Eusko Jaurlaritzaren erabateko isiltasuna salatu dute: «Lehengo gobernuaren dekretuak ez du Praileaitz babesteko balio. Gobernu berria bere garaian gauzak aldatzeko prest azaldu zen, baina aurrekoak bezala geldirik dirau». Iaz, Eusko Legebiltzarrak dekretua aldatzeko legezbesteko proposamena onartu zuenean, PSEk aldaketa horren aldeko jarrera irmoa azaldu zuen.
Indarrean dagoen dekretuak 50 metroko erradio batean babesten du koba. Xabi Otero argazkilariaren esanetan, ez da nahikoa: «Ondarea egoki kontserbatu dadin, gutxienez 400 eta 500 metro arteko erradio bat mugatu beharko litzateke. Hori da gure eskaera, baita muga horiek errespeta ditzaten bermatuko duen legegintza bat ipintzea ere. Blanca Urgellekin Kultura Saileko buru izendatu zuten egunetik eskatu dugu bilera, baina egun erantzunik ez dugu jaso».
Erantzunik ezean, koba babesteko bestelako bideak bilatzeari ekin dio taldeak. Donostiako Hipodromoko gerente Peio Urtasunek zehaztu zuenez, «Euskal Herri osotik ibiliko gara arkeologo, zientzialari eta kultura munduko adituek lagunduta jendearen kontzientziak pizteko». «Bide demokratiko guztiak bukatu ditugu, emaitzarik gabe: zein da hurrengo pausoa?», gaineratu zuen Jauregik.
EHUko Arte Ederretako irakasle den Gentz del Vallek gauza bera azpimarratu zuen: «Praileaitzen inguruan desinformazio arazo larria dago. Jendeak ez du ez lekua ez bertan gordetzen den ondare kulturala ezagutzen. Bertako margoak eta aurkitu diren apaingarriak gure arbasoen oinordekotza dira, ez bertakoenak, ezta euskal herritarrenak ere, gizadi guztiarenak baizik. Benetako altxorra dira».
Urriaren 1ean hasiko dira taldeak antolatutako ekintzak, Donostiako Doka kafe antzokian. Hor izango dira Nomadak TX, Ken 7ko Eñaut Elorrieta, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta Amaia Zubiria abeslariak, eta Jon Martin eta Unai Muñoa bertsolariak, Praileaitzen Lagunak taldeko Fito Rodriguez idazleak aurkeztuko duen jaialdian.
Leioako eta Gasteizko EHUko fakultateetan egongo dira ondoren, baita Dimako Kultur Etxean eta Tolosako ingurumenaren aldeko astean ere. Hor entregatuko dute, bigarrenez, Amalurraren Aztia saria. Ekitaldietan, Arabako Aiala ibarra eta Deba eta inguruko herriak bisitatuko dituzte.