Archive for abril 6, 2010

Done Jakue bidearen babesak Sasiolako harrobia geldiaraztera behartzen duela ohartarazi dute

Juan Luis Zabala |BERRIA

Dekretu batek gune horretan harrobi lanak debekatzen dituela gogorarazi dio Mutriku Natur Taldeak Gipuzkoako Aldundiari. Harrobiko lanak geldiaraztea lehendik ari da eskatzen elkartea, Praileaitz babesteko Legeari jarraituz, Sasiolako harrobiko (Deba, Gipuzkoa) lanak geldiarazita egon beharko luketela ohartarazi dio Mutriku Natur Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari, Eusko Jaurlaritzak 2000. urtean Done Jakue bidea monumentu multzo izendatzeko onartu zuen dekretuan oinarrituta. Aldundiko Kultura Sailak eginbideak hasi ditu, eta informazioa biltzen ari da.

Mutriku Natur Taldea aspaldidanik ari da hala Gipuzkoako Foru Aldundiari nola Eusko Jaurlaritzari Sasiolako harrobiaren lanak geldiarazteko eskatzen, lan horiek Praileaitz leize-zuloko eta haren inguruetako altxor arkeologikoak hondamen arrisku larrian jartzen dituztela iritzita. Jaurlaritzaren dekretua harrobia geldiarazteko beste motibo bat da Mutriku Natur Taldearentzat.

Jaurlaritzaren dekretuak honako debeku hauek ezartzen ditu Done Jakue bideko galtzada harriztatuen inguruei dagokienez: «Meatzeak edo harrobiak ustiatzea, harriak eta antzekoak ateratzea eta lehergailuak erabiltzea behar duten jarduera guztiak, bidetik 250 metrora baino gutxiagora egin behar badira».

Deba eta Sasiolako tartea egun harrobia dagoen lekutik oso gertu egiten zuen Done Jakue bideak, eta frantziskotarren Sasiolako monasterioaren inguruetan galtzada harriztatuen aztarnak aurkitu zituen 2008an Jesus Manuel Perez Centeno arkeologoak, Done Jakue bidearen zenbait zati finkatzeko egindako lanetan. 2008ko Arkeoikuska bilduman eman zuen aurkikuntza horren berri.

Mutriku Natur Taldeak salaketa idazkia aurkeztu du, martxoaren 17ko dataz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, harrobiko lanek dekretuak ezarritako debekua urratzen dutela salatzeko eta lan horiek geldiarazteko neurriak hartzeko eskatzeko. Aldundia da, izan ere, harrobiko lanak baimentzen dituena.

Idazki hori aintzat hartuta, aldundiak diligentziak ireki ditu eta informazioa biltzen ari da, Carlos Olatetxea aldundiko arkeologia teknikariak adierazi duenez. «Gauza asko begiratu behar dira harrobiaren aurkako salaketarekin aurrera jarraitu baino lehen», dio Olaetxeak.

Egiaztapenaren zain

«Dekretua 2.000. urtekoa da, eta dekretuan agertzen diren planoak eskatu dizkiogu Jaurlaritzari, eskala handiagoan», azaldu du Olaetxeak. «Erantzun horren zian gaude ikusteko benetan aurkikuntza hori Done Jakue bidean egin den edo ez. 2000. urteko dekretuan, badirudi errepidetik doala Done Jakue bidea, baina egiaztapenaren zain gaude. Dekretuak harrobiari eragiten diola ikusten badugu, orduan beste espediente batekin hasiko gara».

«Kontuan hartu behar da orain agertu den galtzada harriztatu horren berririk ez zegoela dekretua onartu zenean», adierazi du Olaetxeak. «Beraz, ikusi beharko da juridikoki eraginik baduen edo ez».

BERRIAk egindako galderei erantzunez, Perez Centeno arkeologoak adierazi du ez dakiela dekretuak agindutakoa betetzeak harrobia ixtea ekarri beharko lukeen. «Guk gure memoria arkeologikoak utzi ditugu hala Diputazioan nola Jaurlaritzan, eta guk esan beharrekoa hor esana dago, nahi duenaren esku», adierazi du Perez Centenok. «Nik ez dakit harrobitik zenbat metrotara dagoen komentua, ezta bidea ere, eta ez dagokit niri horrelako auziak ebaztea», gehitu du.

Harrobiko lanetan Itsasertzetako Legea urratu dela salatu dute

Sasiolako harrobiko lanek Itsasertzetako Legea urratu dutela salatu dute Mutriku Natur Taldeak eta Praileaitz SOS elkarteek. Itsasertzetik ehun metro baino gutxiagora dauden guneak babesten ditu lege horrek, eta marea biziak iristen diren ibai guneak ere itsasertz gisa hartzen ditu. Bi elkarte horiek egindako salaketaren arabera, makina zulatzaile bat babestutako eremuan aritu da, eta lur mugimenduak ere izan dira. Horretaz gain, hormigoi planta bat babestutako eremuan dagoela salatu dute, legez ez dagokion lekuan.

Uraren Euskal Agentziako iturriek salaketak aztertzen ari direla adierazi dute, baina txostena amaitu arte ez dutela gaiari buruzko inolako adierazpen publikorik egingo.

Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradunek Praileaitz leize-zuloko eta haren ondoko mendi mazelako altxor arkeologikoak ondo babestuta daudela diote, eta Itsasertzetako Legea aipatzen dute beti babes horren oinarri nagusi eta sendoenen artean.

Beraz, ikusi beharko da juridikoki eraginik baduen edo ez ....

(Argazkia: MNT)

Leave a comment »