Praileaitz babesteko dekretua «etika arloko iruzurra» dela diote

Leizezuloa ez dago babestuta, eta ingurua ere ez, Aranzadi, Praileaitz SOS, Praileaitzen Lagunak eta Mutriku Natur Taldearen ustez

Jaurlaritzak «hizkera anbiguoa» erabili duela diote, «erantzukizunak urtzeko»

Juan Luis Zabala |BERRIA, Donostia.

Eusko Jaurlaritzak aurtengo maiatzean Praileaitz leizezuloaren eta haren magalaren babeserako onartutako dekretuak ez ditu aurrekoak zituen okerrak konpondu, Mutriku Natur Taldearen, Praileaitzen Lagunak eta Praileaitz SOS elkarteen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ustez. «Modu maltzurrez erabilia izan da azken dekretu hau, dauden erantzukizunak urtzeko, eta lotesleak ez diren bideetan uzteko harrobiaren ustiaketa», salatu zuen atzo Fito Rodriguez idazle eta Praileaitzen Lagunak elkarteko kideak, arestian aipatutako lau elkarte horiek batera Donostian egindako agerraldian. «Indusketari eman beharrean, beste ustiaketei ematen zaio bidea eta babesa».

Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat helegite aurkeztu dizkio dekretu berriari, Xabier Peñalver Praileaitz I leizezuloko indusketen zuzendariak atzo azaldu zuenez. «Dekretu honek, aurreko gobernuak egin eta onartutakoak bezala, ez du babesten leizezuloa, eta ezta haren ingurua ere. Guk ez dugu ulertzen zergatik ez den babesten gure ondarearentzat -eta horrenbestez ondare unibertsalarentzat- halako garrantzia duen leku bat».

Dekretu berriaren sarreran hainbat txosten, manifestu eta bestelako testu aipatzen dira, esanez dekretuak aintzat hartu dituela horiek. «Baina gero ez ditu benetan aintzat hartzen», Peñalverrek dioenez. «Horretaz gain, dekretuak ez du ondarea osorik deskribatzen, balio handiko elementuak aipatu ere ez baitira egiten. Eta okerrena da ondarearen topografia bera ere ez dagoela ondo eginda. Guk partzialki induskatu ditugun galeria batzuk ez dira agertu ere egiten oinarrizko planoan. Datu horrek nahikoa izan beharko luke dekretua baliorik gabe uzteko».

«Ondare Arkeologikoaren Aholkulari Batzordeko kideokin bildu direla diote, baina biltze hutsak ez du ezertarako balio gure iritzia aintzat hartzen ez baldin bada», jarraitu zuen Peñalverrek. «Batzordea beren asmoetarako erabili dute. Dekretuaren aho bateko onarpenaz hitz egitea ez da inondik ere zuzena. Gipuzkoako Foru Aldundia ere ez dator bat, eta uste dugu helegiteak aurkeztuko dituela».

Dekretuaren artikulu askotan «disimulurik gabeko anbiguotasuna» atzeman du Peñalverrek. «Puntu nagusiek edozein interpretazio onar dezakete. Era honetako testu baten kasuan, anbiguetate hori nekez izan daiteke dekretua idatzi duenaren borondatearen kontrakoa».

«Berandu eta gaizki» iritsia

Dekretu berria «berandu eta gaizki» iritsi da, Javi Castro Mutriku Natur Taldearen ordezkariaren ustez. Beste bi helegite aurkeztu ditu Mutriku Natur Taldeak dekretu berriaren aurka. «Aurreko dekretuak ez zuen Itsasertzetako Legea aintzat hartzen, eta dekretu berriak partzialki baino ez du aintzat hartzen», Castroren iritziz. «Horretaz gain, itsasertzari dagokion Arlokako Lurralde Plana ere ez du aintzat hartu dekretuak. Une honetan uztartu ezinak dira Arlokako Lurralde Plan hori eta Sasiolako harrobiaren ustiaketa. Araudiaren arabera, itsasertzetik 500 metrora arteko ekimenak arautzen ditu Arlokako Lurralde Planak. Ez ditu harrobiko lanak debekatzen, baina itsasertzetik 500 metrora bitarteko eremuan edozein lani ekin aurretik ikerketa hidro-geologiko guztiz osatuak exijitzen ditu, eta halakorik ez da egin».

«Helegiteak ondo daude, baina arduradun politikoei eta Jaurlaritzako Kultura Saileko teknikariek argi utzi digute dagoeneko ez zaiela ezer ere axola», Xabi Otero Praileaitzen Lagunak elkarteko kidearen ustez. «Antonio Riveraren eta Blanca Urgellen jarrera politikoa Amenabar taldearekin akordioak egitearen aldekoa da, guri ezer argitu gabe, Jaurlaritzak Praileaitz eta haren ingurua zergatik ez dituen babesten azaldu gabe. Egiten ari direna etika arloko iruzurra da, Antonio Riveraren eta Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldetik, baita Patxi Lopez lehendakariaren aldetik ere, hura denez azken arduraduna. Honetarako ez da behar inolako alternantziarik boterean. Hau Miren Azkaratek ere egin zuen. Borondate politikorik txikiena ere ez du haietako inork».

Rafa Castellano Praileaitz SOS elkarteko kideak Praileaitz leizezuloaren inguruan paseoan dabiltzanen edo handik gertu bizi direnen ezinegon eta kezken berri eman zuen atzoko agerraldian. Inguru hura «ez da harri multzo soila», Castellanoren ustez. «Multzo humanoa da, behar bezala kontrolatu gabeko leherketen bidez bonbardatua».

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: